XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Carabanchel 1996ko urtarrilak 29

Kaixo lagunak,

Lehenik eta behin, agur bero bat NAPARTHEIDeko kide zareten orori, baina oraingoan, Carabancheletik, duela hiru aste edo, honuntz ekarri baininduten hasiera batetan urtarrilak 8rako jarrita zegoen epaiketarako, eta arrazoi ezberdinengatik, 31ra atzeratu dena.

Brievara igorri zenidaten ezkutitza eskuratu berria dut.

Atzerapenak atzerapen, bere egunean han geuden kideok egin genizuen proposamena onartu duzuela irakur dezaket bertan....

Eta orain, zein aitzaki ipini behar dizuet nik? je, je...

Gainera, trasladoa medio, bakar bakarrik utzi naute/nauzue...

Beno, hemengo kideekin arituko naiz...

Brievara noiz itzuliko naizen ez dakit, ezta itzuliko naizenik ere, beraz, luze baino lehen, lanari ekin diot, idatzi txukun eta atsegin bat burutu izana espero dut/dugu.

Zuek ikusi dena argitaratu, nola etab.

Bururatu zaiguna isladatu dugu, eta benetan, lagungarria izan dadila.

Beste aipamen bat.

Idatzi hau, beste kide baten bitartez helaraziko dizuet, nik, bi gutun baino ezin baititzaket idatzi, eta euskaraz idatziz gero, itzultzera bidaltzen dituzte.

Honek, ia hilabete atzeratuko luke zuen aldetik idatzia jasotzea...

Ba, besterik ezean, besarkada bero bana hemengo guztien aldetik, muxuak eta aurrera beti burutzen duzuen lanean.

Badakizue, zuen esanetara gelditzen gara noizpait beste zerbait behar izanez gero, nahiz eta oso trebeak ez izan je, je...

Lan honen helburua, gartzeletan emakumeok pairatzen ditugun baldintzen berri ematea da.

Hala ere, ezertan hasi aurretik, emakume zein gizonentzat, espetxe baldintzak, orohar, txarrak direla aipagarria direla izango litzateke.

Hau esanik, gartzelak, bi modutan sailkatuko genituzke.

Alde batetik, emakumeenak direnak, eta bestalde, gizonenak izanik, emakumeentzako modulo bat, bi, edo gehiago dituztenak.

Azken hauetan, baldintza kaxkar horiek, areagotu egiten dira, maila edo arlo orotan, gizonei dagokielarik lehentasuna.

Antolatzen diren aktibitate, tailer, ikastaro etab., gizonentzat pentsatuta daude, ondoren hutsuneren bat edo beste egonik, emakumeen partehartzea planteiatuko litzakeelarik.

Hutsune hauek egon daitezen, ordea, arras zaila bilakatzen da, horrek, antolatutako gizonen modulotan burutzen denez, arazo anitz sortuko bailituzke, hala nola, emakumeak gizonen moduloetara eraman beharra, gizon emakumeen partehartze bateratua etab. gezurra badirudi ere, barne funtzionamendurako, hau ez da ona, ezta zuzena ere.

Beraz, espetxe hauetan, emakumeak, beren moduloetara mugatzen dira, bertan, beste mota batetako ikastaroak antolatuz, gehienetan, emakumeak gizarte barruan bete izan baina aldatzen hasia den paper horiekin zerikusia dutenak: josten ikasteko ikastaroak, sukaldean edo arropa garbitzen iharduteko lan aukerak, etab.

Gizonezkoen espetxeetan, adibidez, polikiroldegia bezalako gauzak, betatuta egoten dira emakumeentzat; kirola egitea ezinezkoa da emakumeentzat.

Gizonezkoen moduloetan, askoz ere tailer aukera handiagoa dago emakumezkoenetan baino.

Instalazioak, hobeak dira.

Espetxe batzutan (gizonezkoenetan), sukaldea dago edo barbakoa antzeko bat egoten da janaria prestatzeko, eta emakumezkoenetan, ez.

Gizonezko espetxe batzutan, emakumeak liburutegira joan ahal izateko, egun zehatzak, ordutegi mugatuak eta ikasketa unibertsitarioak akreditatu behar dituzte.

Modulotik ateratzea, oztopoz beteriko bideak.

Emakumeenak diren espetxeak, beste funtzionamendu bat daukate.

Jakina denez, espetxe guztiak ez dira berdinak, eta bakoitzean, era batetara edo bestera daude gauzak antolatuta.

Haundiak direnetan, normalki, aukera gehiago izaten dira; garrantzi haundia hartzen duelarik irakasle-hezitzaile lan talde jator eta prestua egotea, ikastaro eta aktibitate asko burutuz.

Hustiakuntza, garrantzizkoa da.

Dauden tailerretan, presoek ordu mordo bat egiten dute lan, guztia, ia ia musu truk.

Beraiek irabazten dutena, aldiz, diru kopuru izugarria da, kaleko entrepresekin berebiziko kontratuak dituztelarik.

Ba al dakizue, adibide bat ipintzearren, 14.000 pzta ordain daitekeen txandal bat, gartzelan preso batek, berau egiteagatik 300 pzta edo kobra ditzakeela?

Bai,bai,... Beste guztia, badakizue...

Honetaz gain, ez asegurorik, ez lan-baldintzarik, ez ezer...

Gogorra, ezta?

Zuetako norbaitek, ea zergatik jarraitzen duten galdetuko dio bere buruari.

Erantzuna, txantaian dago.

Zigor errendentzioa lortzeko txantaian.

Lana egiten badu, zigor osoari egunak kentzen joango zaizkio, epe jakin batetan, egun batzutako baimenarekin kalera irtengo da, eta azken finean, zigorraren erdia ordainduz, behin betiko kalera irtengo da.

Osasun mailan, dena ezkorra da.

Gizon-ezpetxeetan dauden emakumeak, ginekologoaren beharra izanez gero, hospitalera atera beharko lukete, horrek, hilabete bat, bi edo gehiago suposa ditzake, sor daitekeen arriskua kontuta izanik.

Ginekologia espezialitate zehatz bat bezala aipatu dut/dugu, baina beste guztiekin, berdintsu.

Oraindik orain, emakume espetxeetan, ginekologia kontsulta, hamabostean behin, hilabetean behin, izaten da, nahiz eta legeak, etengabe bat egon beharko lukeela esan.

Asistentzia txar baten ondorioz, abortoak gertatu dira; haurdun dagoen jendeari ez zaio jarraipen bat egiten, ez zaizkio elikagai aproposak ematen.

Zazpi hilabetetik gorako haurdunaldian egonik, trasladoak jasaten dituzte...

Bukaezina da zerrenda.

Gizonen espetxeetan, emakumeen moduloetan arazoak sortuz gero, funtzionariek gizonezko bere lankideak deitzen dituzte jipoiak emateko...

Funtzionarien artean brigada de intervención delakoek betetzen dute lan hau, kristorenak banatzen dituztelarik...

Interesgarria izango litzateke era berean, lan edo idatzi honen zatitxo bat, gartzelan amak izaten direnei dedikatua egona izana, baina horri buruz ezer gutxi dakigu, egoera guztiz desberdina izaten baita.

Gutxi gora behera, hauek dira inguratzen gaituzten baldintzak.

Ikus dezakezuenez, ez dira oso onak, baina hemen dihardugu, jo eta ke borrokan baldintza hauek hobetu asmoz.

Besterik gabe, agur bero bat, eta muxu anitz.